2026-09-24(e)an
Alkoholaz gainezka
Astelehenetik asteazkenera joan nintzen Saint Malo-ra.
Lan bidaia zen, eta ez dago bidai honi buruz ezer partekatzerik. Gauzatxo bat izan ezik...
Izan ere, 10 orduko bidai luze baten ondoren koktel batera gonbidatu gintuen enpresak. Helburua harremanak sortzea eta estutzea zen. Eta hori lortzeko, noski, alkohol nahi adina genuen.
Adin-gabeentzako edariak kontsumitzen ditugunok soberan dakigun bezala, bilera horiek erabat aspergarriak dira. Ezarian-ezarian ikusten ditugu aurpegiak aldatzen, begien dirdira handitzen, ahoak zabaltzen, gero eta ozenago, gero eta gauza gutxiago esateko. Hitzak oihu bilakatzen dira.
Baina besteei galdetuko banie, primeran pasatu zutela erantzungo lidaketela, gaua gozamen hutsa izan zela, etab...
Biharamunean, gau honen ondorioez hitz egin zuten mozkorrena nor izan zen erabakitzeko.
Aurten, gazte bati tokatu zaio. Erabat damututa esnatu zen, okaz estalita zegoen sofari begira. Jende guztiak barre egin zion. Eta bera, bere lana galtzeko beldurrez, sofa berri bat ordaintzeko kontuak buruz egiten zuen. Aurten barreak ez zaizkio berari tokatu. Barre egiten dutenetik barrearen gaia izatera.
Bitartean, nagusiak, poz-pozik zein "team-building" ederra egin genuen esan zigun.
Eta orain, itzultzeko autobusean, zergatik gorroto dudan hainbeste alkohola galdetzen diot nire buruari. Betidanik errukiz begiratu izan diet mozkortuei.
Agian gazteegia nintzelarik hurbiletik ikusi behar izan nituelako alkoholaren ondorioak?
Badakit gizartea ez dela inoiz aldatuko.
Tristea da.
Tfe