Tfe

Ongi etorri tfe-ren webgunera...

2026-11-27(e)an

Etxebizitza eta greba

Hemen duzue nire irakasleak zuzendu berri didan idazlana.


Titulua: Bazen garaia!

Egun, etxebizitza aurkitzea ez da gauerdiko ahuntzaren eztula, eta gai horrek hautsak harrotzen ditu gure gizartean.

Izan ere, alokatzeko aukeraren urritasunari aurre egiteko, etxe oso bat alokatu beharren, jendea logelak alokatzen hasi da.

Baina gehiegikeria hori ez al da urak gainezka egiteko falta zen tanta?

Urtetik urtera, alokairuaren egoera etengabeko gainbeheran egon da. Edozein tokitan aurki ditzakegu jendeak zintzilikatzen dituen iragarkiak, edozein baldintza onartzeko prest.

Jendeak erregutzen du logela bat munduko ondasunik preziatuena izango balitza bezala.

Are gehiago, batzuetan ezin da urte oso baterako alokairu bat ere izan, eta hamar hilabeteko iraupena duen kontratu bat izenpetu behar dugu, ugazabak etekin ahalik eta oparoena izan dezan.

Biharko greba orokorraren zioak ugariak dira. Etxebizitza erosteko zein alokatzeko baldintza eroak jasanezin bilakatu dira. Horren harira, gero eta jende gehiagok pentsatzen du beste eredu ekonomiko bat izan behar dela. Adreilua ez litzateke mozkin handia ateratzeko aukera bat izan beharko.

Izan ere, inbertitzeko aukera ona izango ez balitz, putre-funtsek hutsik dituzten pisuak salduko lituzkete, eta horrek eragin handia izango luke higiezinen sektorean.


Bihar, gauzak alda ditzatela oihukatzeko aukera dugu. Ez dezagun abagunea galdu, eta har dezagun etorkizuna gure eskuetan!


Baina hori, berez, ez da inoiz aldatuko norbaitek merkatuari bulkada ematen ez badio. Putre-funtsek lehen urratsa egitera itxaron baldin badugu, akabo, horiek ez baitute gure gizartearen ezinegona ikusten.



Gaiak: